Basoa izaki bizidunen multzo batek osatuta dagoen ekosistema konplexua da: zuhaitz eta zuhaixkaz eratutako babesaren azpian landare belarkarak, likenak, goroldioak, mikroorganismoak eta animali ornodun zein ornogabeak babesten dira. Baso heldu batek biomasarik handiena, egitura konplexutasuna eta biodibertsitate altua lortzen ditu.
Artadiaren egitura zeharkaezina babesleku bat da faunarentzat. Landare igokari eta arantzatsu ugari daude, baso itxi eta konplexu horren barruan argitasuna lortzeko lehia handia dagoelako.
Artadi kantauriarrak basogintzarako edo nekazaritzarako interesik gabeko edo interes baxuko lurzoruetan kontserbatu dira. Lurzoru pobre eta meheetara egokitutako basoak dira. Hauen interes ekologikoa oso garrantzitsua da, lurzorua kontserbatu eta hobetzen baitute euri ura lur barneko akuiferoetara xurgatuz eta bideratuz. Tellituko artadia (40 ha) habitat horren ordezkari nagusia da Barakaldon.
Artadi kantauriarreko zuhaitzak eta zuhaixkak honako hauek dira: Artea, gurbitza, ereinotza, gartxua, karraskila eta legeltxorra, besteak beste. Baso hostoiraunkor hori espezieen arteko lehia biziagatik nabarmentzen da, landare igokariak nagusi diren egitura korapilatsu eratuz: endalarra, apo-mahatsa, huntza eta otxar basatia.
Basurdea artadiaren animalia adierazgarrienetariko bat da, ezkurrak, gaztainak eta erraboilak jaten dituena. Gaueko beste ugaztun batzuk katagineta eta azkonarra dira. Artadiaren egitura itxia dela eta, tamaina txikiko hegaztiak dira nagusi, hala nola, erregetxo bekainzuria, txinbo burubeltza, kaskabeltz handia, eskinosoa eta gabiraia. Ertz eguzkitsu eta harritsuetan musker berdea, horma-sugandila eta eskulapioren sugea ikus ditzakegu. Eta egur hilaren hondarrak elikagai gisa erabiltzen dira kakalardo adardunentzat, eta hor onddoak, intsektuak eta zizareak garatzen dira, beste deskonposatzaile batzuen artean.
Artea duten haritzezko baso mistoetan, Etxebarria urtegiaren hegoaldeko ertzean daudenak bezalakoak, flora-osaeran artadiko landareak dira nagusi. Hori oso garrantzitsua da, Barakaldoko aberastasun botanikoa nabarmen handitzen baita.
Ideia eta diseinua: Equinoccio Natura, S.C.
Argazkiak: Jon Maguregi
Irudigilea: Oscar Domínguez