Kultura

Eraikin bitxiak, arte industriala, hiri eskulturak, Erdi Aroko aztarnak, meatze-hondakinak…

Bisitatzea merezi duten altxor arkitektonikoak eta kultur ondasun katalogatuak ditu Barakaldok: esaterako, Munoa Jauregia, euskal eta europar arkitektura burgesa garaikidearen adierazgarri bikaina; Mea zama-tokiak (Orkonera eta Franco-Belga), iragan industrial sendoaren aztarnak; eta Ilgner eraikina. 

Barakaldoko ondareari eta historiari buruzko zenbait bitxikeria ezagutu nahi izanez gero, hiriko Historia eta Ingurumena Interpretatzeko Zentroak (HIIZ) eskaintzen du aukera paregabea.

Historia

 Urrun geratzen dira Barakaldoko elizatea sortu zeneko egun eta datu zehatzak. Bizilagunen lehenengo gune garrantzitsua Galindoren ibai-ahoan, Punta izeneko lekuan, eratu zen, dirudienez, hura baitzen sekulako jarduera zuen merkataritza eta portu ekoizpen-zentroa.

Hartara, elizate bihurtu zen 50 etxe inguru zituen gune hura, lurraldearen eliza-antolakuntza ezartzearen ondorioz, herrialdea ebanjelizatu ostean. Antolakuntza horrek komentu juridiko erromatarrei zegozkien hurrenez hurreneko eskumenetan zuen oinarria.

Hiru dira Barakaldoren historiaren aldiak: lehenengo aldiak milurteko bat baino gehiago du, baina ez dugu haren berririk. Bigarrenaz, berriz, elizatea sortu zenekoaz, badakigu 1051n Lopez Velazquez jaunak zuela jauntza, izendapen eskrituraren arabera, bertan, Iñigo Lopez Barakaldoko Jaun tituluaz agertzen baita. Aldi horretan, 1340an San Bizente Elizatearen sorrera nabarmentzen da, Barakaldoko Sancho López, Zorrotzako Lope Gonzalo eta Galindo Retuerto jaunek hiru herenetan sortu zutena, Erandioko Santa Mariatik bereiziz. Zalantzarik gabe, ekaitz gogorrak zirenean, tarteko itsas besoa igarotzeak zekarren arriskuak behartu zituen haorretara.  Aipatutako jaunen ilobek Butroidarrei eta García de Salazartarrei saldu zieten elizatea.

Barakaldon hiru familia nabarmendu ziren:  Retuertotarrak, Susunagarrak eta Irauregitarrak. 1370ean Bandokideen arteko borroka latza hasi zen. Horren ondorioz, Lege Zibilaren defentsarako Ermandadeak eratu ziren.  Bandoen arteko bakea Bizkaiko Korrejidore Gonzalo Morok lortu zuen. Hirugarren aldia, azkenik, Enkarterritik banatzean hasten da. 1366an, bat egin zuen Elizate gisa Bizkaiko Uribe merindadeko lurralde lauarekin, Bizkaiko Tello jaunaren emakidaz, hitzartutako kopuru baten truke eta Lope Garcia de Salazar-ek “Bienandanzas y Fortunas” liburuan dioenez, “E por poderío de Vizcaya e del solar de Butrón, a pesar de los de Retuerto, por que los vecinos eran más poderosos e en el tiempo que el Solar de Muñatones fue mucho decaído por la guerra de las casas de la Sierra de San Martín”.   Gernikako Batzar Nagusietan 33 jesarlekua eta botoa egokitu zitzaion, bi fielen esku. Orduan, berrehun su zituen Elizateak.

 

Garai hartan baziharduten lehenengo burdinolak, erromatarren garaian sortuak.  Erromatarrak izan ziren ur-errotak sartu zituzten lehenengoak, bai eta burdinolaren industrian lehenengo iraultza eragin zutenak ere.

Lehenengo burdinolak mendietan ezarri ziren, mea ugari eta egurra ematen zuten basoetatik hurbil.   Garbiketarako eta tenplaketarako soilik erabiltzen zen ura.  Horrela bada, Kadagua, Nerbioi eta Galindoren artean, lur barakaldarretan, beraz, ezarri ziren burdinolarik onenak.

AHV. Vista de la Fábrica de Barakaldo
AHV. Panorámica de la fábrica San Francisco del Desierto

Azpimarratzekoa da Barakaldok izan zituen lehiak eta borrokak inguruko hiribilduekin, Bilborekin bereziki. Frankizia, itsas lehia eta merkataritza arazoekin hasi ziren, eta Retuerto deitutako borrokan amaitu zuten, Barakaldokoak atera zirelarik irabazle.
1499an, Pedro Fernandez Velasco kondestable jauna Barakaldo hiribildu izan zedin saiatu zen, bai eta Lutxanako Dorreen aldamenean portua eraikitzen ere, geroago, bere semeak Zubiletan egitea erabaki bazuen ere. Saiakera biak alferrikakoak izan ziren.
Meatze herriekin ere lehiak izan zituen. 1664an Barakaldok kexa adierazi zuen Gernikako Batzar Nagusietan, zeren eta Somorrostroko meatzea ustiatzeko baimena izan arren, hiru Kontzejutako (San Salvador, Sestao eta Santurtzi) auzotarrek galarazi egiten baitzioten, jendea preso hartuz eta isunak jarriz.  Azkenean, Kontzejukoek beraien meatzeei buruzko asmoak ezarri zituzten, eta Elizateari, kanpanilen eta errubioen zamalanetan aritzea besterik ez zitzaion geratu, Beurko, Lutxana eta Galindoko kai garatu gabeetan.
Hasieran, meatzaritza oso erakargarria izan bazen ere leku guztietako jendearentzat, immigrazioaren grabitate-zentroa berehala igaro zen pixkanaka industrializatuz zihoan Barakaldora.

Industrializazio prozesuek hirigintza prozesuak eragiten dituzte; gurean, XIX. mendearen erdialdean hasi zen industrializazio prozesua.  Juan E. Delmasek hiru lantegi aipatu zituen 1864ko urtean, Barakaldori buruz aritzean.  Lehenengoa Mwinckel, Arregui eta Cia jaunena; bigarrena, Santa Agedakoa, eta hirugarrena, Ibarra eta Cia jaunena.
Azken lantegi hori, Nuestra Señora del Carmen, Ibarratarrek Galindo ibaiak Bilboko itsasadarrarekin bat egin duen lekuan ezarri zutena, Bizkaiko siderurgia-industriaren oinarririk garrantzitsuena izan zen. 1882an, “Altos Hornos y Fábrica de Hierro y Acero de Bilbao” elkartea eta “Iberia” elkartu, eta   “Bizkaiko Labe Garaiak” elkartea eratu zen.  Handik aurrera, Espainiako ekonomia industrialaren adierazlerik handiena izan zen.

Vista de Retuerto y el TBC desde el Argalario
Vista de Retuerto y el TBC desde el Argalario
Vista panorámica de Retuerto, Ansio, Ibarreta, Zuazo y Arteagabeitia
Vista panorámica de Retuerto, Ansio, Ibarreta, Zuazo y Arteagabeitia

Industria-gune garrantzitsu bihurtzeak migrazio-mugimendua azkartzea ekarri zuen, XX. mendearen zati handi batean behintzat.  Barakaldoko hazkunde demografikoa izugarria izan zenez, Estatuko udalerririk (ez hiriburu) jendetsuena ere bilakatu zen. Beraz, harro egoteko moduko errekorra ez ezik, Barakaldo ekonomikoki ezinbestekoa zela adierazten zuen seinalerik argiena ere izan zen. Hiriko espazioen banaketa egoera berrietara moldatu zen, eta bai hiriko kolore grisak, bai hiriko desordenak -Europa osoko industriaguneen identitate ezaugarriak- dena inbaditu zuten. Baina hortik etorritako garrantzi ekonomikoak zerbitzu sektore garrantzitsuaren loraldia ekarri zuen; horrela, bada, saltokiak ez ezik, merkatalguneak, bankuak eta aseguruak ere Barakaldon kokatu ziren. 

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, Barakaldok erreferentziazko industria-gune izateari utzi zion, industria nagusia kolokan jartzen hasi baitzen. Jarduera apaltzeak gogor kolpatu zituen lana bizitzaren ardatz zutenak.  Bizkaiko Labe Garaiak ixteak egoera gogorra ekarri zuen, . Krisi industrialaren ondorioz oinarri ekonomikoa erortzeak lanpostu kopuru garrantzitsua galtzea ekarri du, baita erosteko ahalmena duten aurre-erretiratuen eta erretiratuen kopurua handitzea ere.  Sektore horrek ordea, ez du produzitzen, eta bestalde, hirurogei hamarkadako “baby-boom” belaunaldiko gazte multzoak ez du lan mundura sartzerik, eta gero eta andre gehiagok etxetik kanpo egin nahi du lana.  Horren guztiaren ondorioz, jarduera berriak sortuko dira, bai eta ekonomia berpiztuko ere. Izan ere, Barakaldok etorkizun oparoa ekartzeko moduko baloreak ditu. Bertako jendearen lana eta ahalegina indarberritzeko eta aurrera egiteko akuilu dira, bizitzeko eta lan egiteko hiri bilakatzeko bidean.

Portuaren eta Aireportuaren garapenaren eraginez sortutako industria berriak ezartzean, eta aurreko akatsak saihestuz, espazio horiek hiriguneetatik hurbil egotean datza modernizazio ekonomikoa, industria berri horiek lehengo industriek utzitako lurra berrerabiliko baitute, bizitoki-erabilerarekin bateratu daitekeen jarduera ekonomikoa ezartzeko. Horretarako, jarduera zaharrak desagertu ondoren geratu diren espazio libreak lotzeko komunikazio-sistema berriak sortu, eta kale berriak egin behar dira, hiria itsasadar bazterrera hurbildu eta etxebizitza zaharrak ordezkatuko dituzten eraikuntzak onartuz.

Merkataritzaren garapena da aukerarik garrantzitsuenetarikoa, Barakaldo Metropoliko kontsumo gune bihurtuko baitu, bai eta mugakide diren herrialdeen erakarpen puntu ere. Merkataritza-gune hori jadanik daudenen osagarri izango da, eta ez lehiakide. Hirigunean dagoen ohiko merkataritza mantentzeko oinezkoentzako kaleak jarriko dira, bai eta espazio libreak eta lurpeko aparkalekuak sortuko ere.

Close

Visit Barakaldo

Barakaldo Turismo

Close