Zamalanda zuhaiztia

ZUHAIZTIA

A| Zuhaiztiak eta mendi-hegalak

Parkearen goiko terrazan, gaur egun parkearen inguruko mendi-hegaletan dagoen landarediarekin jarraitu nahi da: lizarrak, sahatsak, pikondoak. Zuhaizti txiki bat egingo da, eta horrek errepidera ematen duen pantaila berde bat sortuko du. Mendi-hegaletan, zuhaitzak altura desberdinetan landatzearekin, Itsasadarraren ikuspegia hobetzea lortzen da, bidetatik eta hiri-ertzetik (goiko kotan).

B| Zuhaitzak hiri-aurrealdean

Hiri-ertz berrirako, parkearen goiko aldean hiru ezki mota erabiltzea proposatzen da, itzal- eta berdegune-zerrenda bat lortzeko etxebizitza-eraikinen eta parke berriaren arteko trantsizioan. Espaloietan dagoen lerrokatze-zuhaiztia babestu eta diseinuan txertatu nahi da.

C| Baratzeko zuhaitzak

Udaberria iristen denean, gereziondoek, sagarrondoek eta madariondoek lore- eta fruitu-orbanak uzten dituzte parke berriaren goiko terrazan. Hiri-baratzeen eremuan tokiko labore-barietateak berreskuratuko dira. Pikondoak parkearen inguruko ezpondetan daude, eta hiri-baratzeetatik hurbil. Tokiko sagarrondo-barietate hauek aukeratu dira: “Urdin Sagarra” (Malus domestica) eta “Urte Bete” (Malus domestika). Espezie horiek ezagutzeko eta hautatzeko iturriak askotarikoak dira. Adibidez: “Sagarrondoaren barietate autoktonoak, labore askotarikotasunari eusteko eta kalitate bereziko bertako produktuak bultzatzeko” artikulua, Eusko Jaurlaritzaren Web Zerbitzuan argitaratua (2019ko apirilaren 10ean), Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdearen “Toki Pommes” proiektua, “Zallako frutagintzako estazioa. Lan-ildoak: frutagintza” dokumentua, Bizkaiko Foru Aldundiaren web orrian argitaratua, eta “Sagar barietate erabilienak” artikulua, Sagardoaren Lurraldea blogean argitaratua.

D| Urbazterreko zuhaitzak

Parkearen beheko terrazan urbazterreko eta hazkunde azkarreko zuhaitzak landatuko dira, aisialdi- eta jarduera-eremuen inguruan zuhaizti txikiak eratzeko. Horrela, itzal atsegina lortuko da egoteko eremu horietatik gertu, eta haizetik babestutako eremuak sortuko dira.

BESTE LANDAKETA BATZUK

a| Zuhaixka-formako oihanpea

Parkearen goiko terrazako baratzeen inguruak mantu berde trinko batez estalita daude gaur egun. Landaredi hori kontserbatu nahi da, landare inbaditzaileak nahiz kaltetuak kentzeko sastraka-garbiketa selektiboa egin ondoren. Eremu horretan aurreikusitako zuhaizti berriarekin batera, oihanpeko zuhaixka multzo batzuk landatuko dira, landaredi-geruza ertain bat sortzeko. Horrek errepidera ematen duen pantaila-berde efektua indartzen lagunduko du eta bertako faunari babesa eta janaria emango dio.

b| Ezponda berdeak

Erdiko ezpondetan hidroereite-teknika erabiltzen da, parkean ezpondak tratatzeko eta egonkortzeko. Asmoa da landaredi-mantu trinko batez estaltzea, eta, horrela egiten jarraitzen da parke berria inguratzen duten bi topografien ertz berdeetan. Gainera, noizean behin, landare autoktonoak erabiliko dira, hala nola, ahuntz-hostoa eta tapiz-landareak (basa-arrosa), erraz mantentzen diren lurra estaltzeko landaredi gisa jarduteko.

c| Landa-soropila

Parkeko lautada zabalean landa-soropila duten eremuak daude, jolaserako espazioak eskaintzen dituztenak. Festuca arundinacea, Lolium perenne eta Cynodon dactylon espezieekin egindako hazi-nahasketa bat aukeratzen da. Erabilera intentsiborako egokiak dira, zapalketarekiko erresistentzia mekaniko ona dute, bai eta neurrizko ur-kontsumoa ere. Landa-soropileko eremu horiek ihinztadura bidezko ureztatze-sistema bat dute.

d| Landa-soropil loreduna

Zenbait eremu zabaletan landa-soropil loreduneko eremuak proiektatu dira. Horiek Festuca arundinacea, Lolium perenne eta Cynodon dactylon espezieekin egindako hazi-nahasketa batez osatuta daude eta, gainera, Bellis perennis, Mentha suaveolens eta Prunella vulgaris bezalako landareen hazien nahasketarekin konbinatzen dira. Eremu horiek ez dute ureztatze-sistemarik.

e| Bertakotutako larrediak

Eremu irekietan hautatutako gramineo, landare belarkara eta megaforbio-autoktonoez osatutako larrediak ereitea aurreikusten da. Hala, bertakotutako larredi horiek aldatu egiten dira urtean zehar altuerari, koloreari eta egiturari dagokienez, eta intsektuentzako eta beste animalia txiki batzuentzako habitatak eskaintzen dituzte. Tokiko paisaiako elementu garrantzitsuak berreskuratu nahi dira. Horretarako, garrantzia emango zaio iberiar penintsulako jatorri geografikoa duten bertako haziak erabiltzeari.

f| Urtaroko hezeguneak

Urtaroko hezeguneetako eremuetan eta istiltzeko egokiak diren ezponden ertzeko areka berdeetan, habitat horiei dagozkien landare iraunkorrak ezar daitezke. Hala, tokiko fauna eta floraren biotopo interesgarriak sor daitezke, bai eta landaredi-multzoak ereitea eta noizean behin landatzea ere.

g| Zuhaixken zerrendak eta masako gramineoak

Zuhaixka autoktonoen eta gramineo apaingarrien arteko konbinazioak erabiltzen ditugu parkean egoteko eremuak landaredi-bolumenekin biltzeko, urtean zehar tonu- eta ehundura-bilakaera sotilak dituztenak. Zuhaixka-formako zume mota desberdinak erabiltzeak jolaserako eta miaketarako aukerak ematen ditu haurren jolasguneetatik gertu, eta, gainera, mantentze-lan txikiko landare iraunkorrak dira, altuera erregulatzeko coppicing motako inausketak egiteko aukera ematen dutenak.

h| Urteko loreen larrediak

Parkearen sarreran, urteko lore deigarri bat duen larredi bat ereiten da, parkera joaten direnei ongietorria emateko. Larredi hori espezie autoktonoez eta apaingarriez osatuta dago, udaberriko eta udako hilabeteetan loratze-efektu indartsua izan dezaten. Gomendagarria da ereite hori urtero egitea. Kolore monokromoko konposizioa hainbat tonalitatetan.

Visit Barakaldo

Barakaldo Turismo

Logotipo Visit Barakaldo
Skip to content