Barakaldoko Erdi Aroko historiaren zati handi bat Nerbioi ibaiaren ezkerraldearekin muga egiten duten lursailetan gauzatu zen, izan ere, kokapen estrategiko horrek udalerriaren garapenean garrantzi handia izan zuen. Hortik datorkio Barakaldori itsas eta landa ondarea -ondare bikaina inondik ere Guillermo de Humboldt filologo alemaniarrak 1801ean egindako bisitaren ostean idatzi zuenez- bai eta tradizioz salgaien joan-etorriak arautzetik eta Bizkaiko industrializazio-prozesuen ardatz egituratzaile gisa izandako zeregin erabakitzailetik ere.
Kadagua eta Galindo ibaien ahoen artean dagoen lur-zerrendaz ari gara, azken urteotan funtsezko aldaketa jasan duen gunea. Oraindik ere, hor etorkizunerako proiektu berriak mamitzen ari dira.
Zamatzeko tokia izatetik begiratokia izatera
Gure ibilbideari itsasora ematen duen bidegurutze honetako leku enblematiko batean emango diogu hasiera. Franco-Belga meatze-konpainiaren kargatzeko tokiaz (1.a) ari gara (Arrontegi zubiari eusten dioten zutabeen ondoan), garai batean eskualde osoko enpresa kemenaren ikurra izandakoaz, eta zaharberritu ondoren, iraganeko industriaren monumentu bihurtu denaz. Eraikinaren helburu didaktikoaz gain, egun Itsasadarraren ikuspegi bikaina eskaintzen digun aparteko begiratoki ere badugu. Ondoan, eraberritutako Porturen Dartsenaraino eramaten gaituen pasealeku bat dugu, bai eta Erandio eta Barakaldo lotzen dituen ontzia hartzeko ontziralekua ere.
Ilgner eraikina
Gune horretan barnealderantz joan, eta Bilbo eta Sestao lotzen dituen errepidearen trazatu berria zeharkatu ondoren (hau ordea, ez da Barakaldoko hirigunean sartzen), probintziako iragan hurbilean izandako enpresa garrantzitsuenaren instalazio gehienak zeuden eremu handi bat aurkituko dugu: Bizkaiko Labe Garaiak. Fabrika handi haren bulego nagusiak eta Ilgner pabiloia (2.a) baino ez dira geratzen. Azken hori, transformazio elektrikoa egiteko eraikina, 1926an eraiki zen eta Bizkaiko Labe Garaietako instalazioei zerbitzu emateko erabili zen. Ondoren, zaharberritze sakona egin, eta, gaur egun, CEDEMIren egoitza da (Ezkerraldeko Enpresak Garatzeko Zentroa); zentroaren xedea enpresa-egitasmo berritzaileak sustatzean datza.
Desertu plaza
Hemendik oso hurbil, Eduardo Arroyo arkitektoaren Desertu plaza berria (3.a) dugu (ia hamabost mila metro karratuko laukizuzena, zenbait hiri-aretotan ur-sistemak, umeentzako jolas lekuak eta lurraren orografia laua hausteko zazpi talaia ere konbinatzen dituena). Lehen, industria-prozesuek hondatutako tokia bazen ere, orain, berdeguneen oasia dirudi; gainera, etxebizitza-eraikin berriak ere egin dira.
Lasesarre
Gaurko ibilbidea Lasesarreko futbol-zelai berrian (4.a) amaituko dugu; hori ere Eduardo Arroyo arkitektoaren lana da. Estadio moderno horretan, 8.000 ikusle sar daitezke eserita eta aterpean. Bestalde, futbol-zelai zaharraren orubean kokaturik, kiroldegi berri bat dago, Jorge Muntañola eta Alvaro Perez de Amezaga arkitektoek egina.