Goitik begiratuta, almendra handi baten itxura du. Horrelakoa da Gurutzeta auzoa, A-8 autobia eta Burtzeñatik datorren CN-634 errepideak inguratzen duen arteko gunea behintzat. Izan ere, “Gurutzeta” izenak oso ondo adierazten du gune horren bilakaera eta antzina bidegurutze garrantzitsua izan zen, errege-bidearen bi adar ere bertatik iragaten baitziren.
Kondairak dioenez, 1920. urtean Gurutzetak bederatzi eraikin inguru zituen landa-eremu bukolikoan. Berrogeita hamarreko hamarkadan, eta batez ere hirurogeikoan, Barakaldora etorritako emigrante kopuru handiak erabat aldatu zuen auzoko paisaia.
Barakaldoko bigarren auzoa
1955eko uztailean, Enrique Sotomayor Osasun Egoitza (egungo Gurutzetako Ospitalea) inauguratu zen. Ondorioz, auzoaren bilakaera aldatu eta Barakaldoko bigarren auzorik jendetsuena dugu, egun 18.000 biztanle baititu eta kopurua gorantz doa. Ordutik hona, Gurutzetak aldaketa handia izan du, baina Barakaldoko udalerri osoak izan duen aldaketarekin bat.
Hirigintza arrazionala
Auzo honetarako bisitak Bilboko Zorrotza (1.a) auzoa lotzen duen zubiaren inguruan du abiapuntu. Ezkerraldean, San Juan Bosco ikastetxea eta hirurogeiko hamarkadako etxeak eta eraikuntza berriagoak konbinatzen dituen bizitoki eremua utziko ditugu. Apur bat aurrerago, Munoa jauregiaren lursail historikoaren aurrean, Euskalduna etxebizitza-blokeak aurkituko ditugu, hirigintza arrazionalaren eredu eta gizakiaren neurrira egokituak diren lorategi txikiek bereizitako etxe multzoak. Eremu horretatik igarotzen den CN-634 errepidearen zati on bat lurperatzeko lanak abian daude, eta gutxi barru, oso leku egokia izango da bertako herritarrek aisiaz goza dezaten.
Bista ikusgarriak
Gure ibilbideak Balejo kaletik (3.a) aurrera jarraitzen du. Bolera aparkalekuaren goiko aldera iritsitakoan, auzoko bistarik ikusgarriena izango dugu, behealdean, Ansio eta Zuloko-Ibarretako ibarraren ikuspegi ederra.
Ospitaleko plaza
Oso urruti joan gabe, eta kale beretik jarraituz, Gurutzetako Kultur Etxea (4.a) eta Liburutegia aurkituko ditugu ezkerraldean. Metro batzuk aurrera egin, eta plazara helduko gara, han, ospitaleak dituen eraikin desberdinak ikusiko ditugu. Martin Jose Marcide arkitektoak proiektatutako eraikina da, arrain-hezur erako eskema batek trazatu kurboaren forma hartzen du, plaza biribil baten zentrokide, eta bereiztekoa da bertan dagoen espiral itxurako eskailera biribila. Plazaren behealdean, egun trafikoko aldatoki bihurtua, saltoki-gune txiki bat ikusiko dugu, azken garaian, ospitalearen inguruan ezarri den zerbitzuen sektorearen osagarri.
Telletxe parkea
Hemendik, A-8 autopistaren gainetik pasatzen den zubi estalia igaroz, Bakearantz – lorategidun bizitegi gunea – egingo dugu; bertan, auzoko biztanle kopuru handia bizi da lasaitasunean eta soseguan. Auzoaren muturrean dugu Tellaetxe parkea (6.a).
Hortik aurrera, auzoan gizakiaren eraginez gutxien aldatutako guneak aurkituko ditugu: Basatxu, Arroletza mendia eta Agate Deuna baseliza.