HIRIGINTZA-GARAPEN IBILBIDEA

Bizkaiko industrializazioaren historia interpretatzeko leku aparta da Barakaldo, dauzkan iraganeko arrastoengatik. Eraikin eta leku askotan topa ditzakegu iragan industrialaren arrastoak, atzean geratu den garai bateko sinboloak baitira. Interesdun beste leku batzuekin batera, dagoeneko katalogatua eta babestua dagoen ondare industrial oparoan murgil gaitezke hiri ibilbide industrial honetan: Rafael Echevarria eta Amalia Echevarrietak Ricardo Bastida arkitektoari 1916an enkargatu, eta, gaur egun, Monumentu Multzo izendatua izan den Munoa Jauregitik hasi eta langileen etxebizitza humanistetan edo hiltegi zaharrean buka. Tartean ikusi ahal izango ditugu mea ontziraleku eta zamalanetako kaien Monumentu Multzoa, bai eta Franco Belga, Orconera, Iron Ore eta Sefanitroren zamatokiak ere. Barakaldoko historia industrialean zehar iraganera eramaten gaituen paseo atsegin bat ere izango dugu. Txoko liluragarriak ezagutzeko aukera eskaintzen du, ohiko ibilaldi turistikoetatik urrun.

Ibilbidea: 2,5 Km
Sarrera: Barakaldo

IBILBIDEA

01 Gasolinoa. Barakaldo Erandio (Ontziralekua)
02 Ilgner eraikina
03 Bizkaiko Labe Garaien bulego nagusiak
04 RENFE geltokia
05 Udal Alondegia
06 Etxe modernistak, eklektikoak eta arrazionalistak (Murrieta kalea)
07 Arana kalea. Lehenengo langile-etxebizitzak
08 Dolores Ibarruri pasealekua
09 Langile-etxebizitza: “La Tribu Moderna” (Oleta kalea)
10 Langile-etxebizitza: “La Providencia”
11 Langile-etxebizitza: “El Ahorro” (Gabriel Aresti) Bagatza geltokia
12 Hiltegi zaharra
13 Handizkako merkatua
14 Industriari omenaldia egiten dion eskultura. Herriko Plaza. Barakaldo geltokia

01- Gasolinoa. Barakaldo-Erandio (Ontziralekua)

1830ean, José María Jado jaunak Erandioko hainbat lursail erosi zituen, eta bidaia-txartelak kobratu eta kudeatzeko etxearen jabe bihurtu zen. 1940aren amaieran diesel motorrei esker, ibaiertz batetik besterako bidaia azkarrago eta seguruago egin ahal izan zen. Ordutik, txalupari gasolino izena eman zioten.

02- Ilgner Eraikina (1926)

1926an eraiki zen eraikina transformazio elektrikoa egiteko. Bizkaiko Labe Garaietako instalazioei zerbitzua ematea zen helburua. Xehetasun handiz zaharberritua izan ondoren, BIC Bizkaia Ezkerraldea bilakatu da. Ezinbestekoa duzu barrualdea ikustea.

03- Bizkaiko Labe Garaietako egoitza nagusia

Garai desberdinetan eraikitako eta elkarri atxikitako bi eraikin hauetan egon ziren hainbat hamarkadatan Bizkaiko Labe Garaien bulego nagusiak. Enpresak XX. mendean izandako hazkundearen erakusle dugu eraikina.

04- RENFE Geltokia

Monumentu izendatu zuten 2008an. Pablo Alzola ingeniariak diseinatu zuen eta 2. kategoriako geltokiari dagozkion elementu guztiak mantentzen ditu. Enol ingeniariak eraberritu zuen 1923an, beste solairu bat gehitzeko. Gaur egun, Barakaldo-Desertu linearen jatorrizko geltokien artean aktibo dagoen bakarra da.

05- UDAL ALONDEGIA

50. hamarkadan inauguratu zen eta 8/9 etxebizitza sozial zituen eta beheko aldean biltegiak. Geroago helduen eskola izan zen eta Elikagaien Bankuaren egoitza. Gaur egun, XXI. mendeko Ikastunen Eskolan 200 ikasle baino gehiago daude.

06- Murrietako etxeak

Barakaldok zeukan aberastasun arkitektonikoaren erakusle dira Murrieta kaleko etxeak. 1914 eta 1924ko eraikin modernistak dira, inguruetako arkitekto aipagarrienetako batek -Santos Zunzuneguikdiseinatuak.

07- Arana kalea. Lehenengo langile-etxebizitzak

Proiektua Arana Sozietateak sustatu zuen eta Edesio Garamendik egin zuen (1888). Horren ondorioz zortzi metroko kale partikular bat ireki zen, etxebizitzen hamabi
eraikinek osaturiko taldea. Gehienek hiru logela, egongela, sukaldea eta komuna dute.

08- Dolores Ibarruri pasealekua

Trenbide Franko-Belgiarraren antzinako ibilbidea, 1880an inauguratua. 7 km-ko
luzera zuen. Granada errekatik irteten zen, Ortuella udalerrian, eta Bilboko itsasadarrean amaitzen zen, Lutxana eta Erreketa auzo barakaldarren artean. Gaur
egun, ibilbide horren zati bat Dolores Ibarruri “La Pasionaria” izena daraman bidegorria da.

09- Langileen etxebizitzak “La Tribu Moderna”

Ismael Gorostizak sinaturiko proiektua. 50 etxebizitza eraiki ziren trenbide Franko-Belgiarraren ondoan (gaur egun Dolores Ibarruri pasealekua dena). Sustatzaileak AHVko langile eta enplegatuak izan ziren. Esku-dirutan ordaindu zuten eta beste zati bat lan-orduekin. 2 solairutan banatutako 74 m2 dituzte.

10- Langileen etxebizitzak “La Providencia”

XX. mendeko lehen herenean, langile saldoak eragindako etxebizitza arazoa hobetze ldera, egoitza multzoak eraiki ziren: esate baterako, “La Tribu Moderna” (Oleta kalea, Bagatza), “La Providencia” (Santa Teresa), “La Felicidad” eta “El Ahorro” (Gabriel Aresti).

11- Langileen etxebizitzak “El Ahorro”

Ismael Gorostiza arkitektoak eraikuntza-berrikuntza garrantzitsu bat ekarri zuen hormigoi armatua erabiliz habe eta zutabeen armazoirako. Art déco diseinua. Atarien diseinuaren dotorezia nabarmentzen da, kolore ikusgarriko azulejoekin eta irudi geometriko soilekin.Etxebizitzek 75 m2 dute.

12- Barakaldoko hiltegia

Alfredo Acebal arkitektoak eraiki zuen 1918 urtean, eta 1992an hizkuntza eskola ofizial gisa erabiltzeko eraberritu zen. Beraz, eraikin industrial bat erabilera eta zerbitzu berrietarako eraberritzearen beste adibide paregabe bat dugu hauxe.

13- Handizkako merkatua

Hiru solairuko eraikin tradizional honek hormigoizko egitura du eta oso garrantzitsua  da Barakaldoko herriarentzat. Fatxadak bao zabalak ditu eta adreilu gorriak azulejuekin konbinatzen ditu.

14- Industriari omenaldia (2002)

Brontzezko eta korten altzairuz egindako eskulturak 6 tona pisatzen ditu, eta 7,5 metroko altuera du. Idulkiko plaka alegorikoek mea zamatoki bat, soldatzaile bat, errementari bat eta burdinola bateko labe bat irudikatzen dute.

Visit Barakaldo

Barakaldo Turismo

Logotipo Visit Barakaldo
Skip to content